Kaixo,
Ni naiz,
zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan dagoena, komunikatzen lagundu
zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen astakeriak zuzentzen zizkizun
inguruko jendeak, nire arauen arabera, eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia
zinenez onartuta zeuden zure ahotik ateratako hitz alrebesak. Helduekin beste
zerbait gertatzen zait, oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko
akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko nitaz
lotsatzea ekarri du.
Zuzenketak eta
lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik urruntzen joan da jendea, eta
niganako konfiantza albo batera uzten hasi. Zoritxarrez honela galdu
dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta maitatuko
bazenidaketen, orain indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela nitaz.
Zure ahotik atera
nahi dut, zure pentsamenduetan sortu, munduan ezagun bihurtu, bihotz
guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea ni maitatzera motibatu, letra
guztiekin jolastu, neure arima kalean usaindu eta neure erritmora dantzatu.
Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu, lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu,
zoriontsu sentitu, eta herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko
norbanako bakoitzak niri nortasuna ematea nahi dut.
Zaren bezalakoa
nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite zaitut. Niri ahoz-aho ibiltzea gustatzen
zait, hitzek bizitza ematen didate eta zaila naizela esaten duten harren,
ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat nire sustrai luzeen artean, beraz,
ziur nago nik zu maitatzen zaitudan moduan zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko,
mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen ari naizen edo ez, baina
bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz gauza bakarra esango
dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan
dadila.
Aldez aurretiko
eskerrak irri batez,
Euskara