1. Zu pertsona zara eta zure ikasle guztiak ere pertsona dira. Beraz, pertsonak zarete. Berdinak zarete … eta ezberdinak. Zuk urte gehiago dituzu eta
baliteke eurak baino liburu gehiago irakurtzea .. zu, gainera, irakaslea zara
eta egiten duzunagatik kobratzen duzu. Berdinak zarete eta ezberdinak zarete,
baina ikasturte honetan behintzat zerbait duzue komunean: euskara, alegia.
2. Zure helburu nagusietako bat da klaseak 50 minutu baino laburragoak direla iruditzea. Gozatuz ikasi. Edozein irakaslerentzat ezinbestekoa da taldeen
dinamizazioan formazioa izatea. Irakasle jatorrek animazio soziokulturalari
buruzko ikastaroak egin eta liburuak irakurri dituzte. Euskarak irakasle erraztatzaileak behar ditu,
dinamizatzaileak, animatzaileak, jabetzea erraztuko dutenak, ezagutza
dinamizatuko dutenak eta erabilera animatuko dutenak. Irakasle azkarrek ondo
dakite taldeen dinamizazioan trebatzeak arazo asko konpontzen dituela.
3. Jarrera, balio eta arau soziolinguistikoak lantzea oso funtsezkoa
da! Garrantzitsuagoa da ikasle batek aurreiritzi bat ezagutu eta gainditzea,
akats ortografikorik gabe idaztea baino. Aurreiritzi
batek ikasle horrek euskaraz ez idaztea ekar dezake, azterketa aroa amaitu
ondoren. Gaur eta hemen lehenetsi behar da ikasleek hizkuntza-gatazka ezagutu eta barneratzea eta giza-errealitateari
buruzko ikuspegi kritikoa eraikitzen
joatea. Adin txikikoak izateak ez du esan nahi herritarrik ez direla. Lehen
ikasgaia: pertsonak dira hizkuntza prestigiatu edo desprestigiatu egiten
dutenak, ez dira hizkuntzak pertsonei prestigio gehiago edo gutxiago ematen
dietenak.
4. Ikasleak arazoaren parte
baino, konponbidearen parte dira . Ikasgelako
pertsona bakoitza eraldaketa sozialaren
iturri izan daiteke (Ah! eta ez ahaztu institutuko lankideak eta gurasoak,
jakina).
5. Azukrearen prezioa, sexismoa, bizikleta
erabiltzea , tabakoaren kontrako legea, natura
suntsitzea, osasun publikoa, adin nagusitasuna, hizkuntza, … dena da politika. Politika da herritarroi
interesatzen zaigun oro, jendarteko kide
garen heinean. Inor ez da apolitikoa, denoi, gutxi zein asko, interesatzen
zaigulako jendartea. Beste kontu bat da alderdi batekoa izan ala ez. Eta
hizkuntza eta jendartearen gaiari buruz ari gara berbetan. Beraz, garrantzitsua
da gelan honen gainean eztabaidatzea:
zer garrantzia du Gaztea irratiak? Zergatik ez dago ETBn rock-ari buruzko
programarik? Ezinezkoa al da euskaraz ligatzea?
6. Garrantzitsua da psikologiari buruzko
liburu batzuk begiratzea . Hizkuntza nortasun kontua da, soziala bezain pertsonala. Derek
Walcott poetak, adibidez, honakoa esaten du: “hizkuntzaz aldatzen baduzu,
bizitza aldatzen duzu”.
7. Errespetua eskatzen badiezu , errespetatu behar dituzu; sormena
eskatzen badiezu, sortzailea izan behar duzu; lana eskatzen badiezu, langilea
izan behar duzu; parte hartzea eskatzen badiezu, parte hartu behar duzu;
komunikazioa eskatzen badiezu, komunikatzailea izan behar duzu; zuzentasuna
eskatzen badiezu, zuzena izan behar duzu; ikasteko eskatzen badiezu, haiekin
ikasi behar duzu; aldatzeko eskatzen badiezu, zuk ere aldatu behar duzu;
zurekin fidatzea nahi baduzu, haiekin fidatu behar zara, eta abar.
8. Egiten duzunak mundua aldatzeko balio ez
duela uste baduzu , ikasleek ez dute gauzak aldatzen
ikasiko. Ezta tz tx baten ordez. Egiten duzuna gure hizkuntzaren egoera
aldatzeko balio ez duela uste baduzu, ikasleek ere ez dute zugandik ikasiko
hizkuntzaren egoera aldatzen. Ezkortasunak
geldiarazten gaitu. Ez da hezitzailea. Jendarte arauek -ikusezinak, isilekoak-
esaten dute zer den normala eta zer ez. Baina arau horiek aldatu daitezke. Irakasle baten eskolak emateko moduak arau horiek
betikotu edo aldatzen lagundu dezake.
9. Testu-liburuek laguntza eman dezakete . Baina hizkuntza eredurik onenak
kaleetan daude, telebistan, liburuetan, hiztegietan, egunkarietan, elikagaien
etiketetan, telefono-gidetan, CDetan, DVDetan, interneten, gure
elkarrizketetan. Materialik onena da gutako bakoitzak egiten duena.
10. Eskola kaleetara eraman behar duzu eta gelan sartu behar duzu kanpoko errealitatea. Hizkuntza jendartean bizi da. Gela ezin da izan
burbuila. Ikasgelatik irten zure ikasleekin batera. Ikasgelatik irten eta
hizkuntza bizi kanpoan, hitz egiten
eta mespretxatzen duen jendearekin, ikasten eta ez ikusiarena egiten duen
jendearekin, eraiki eta suntsitzen duen jendearekin. Bidaia bakoitza aurrera egindako pausoa da, beti.
Anima zaitez. Egun onak eta txarrak daude. Gogoratu une onak eta indarra hartu egiteko
lan asko dagoelako eta hizkuntzak behar zaituelako. Arnasa hartu. Gazteek behar
zaituzte. Zorte on.